Ñañarri rallyesprinta motorrak berotzen


Apirilaren 21ean izango da lasterketa eta hilaren 14 eta 15ean entrenamenduak

Apirilaren 21ean izango da aurtengo Ñañarri rallyesprinta. Aurtengo 5. edizioa izango da eta dagoeneko motorrak berotzen hasiak dira Irurako Ikastolan. Helburua duela bost urteko berdina: «eraikina berria ordaintzeko dirua lortzea» eta hori burutzeko behar duten 'gasoila' duten «ilusioa» da. Ilusioz beteriko edizioa izango da aurtengoa .                                          
            
Rallyesprinta Irurako Ikastolak, Hondarribiako Sardara motor elkartearekin elkarlanean antolatu du. Euskadiko Rallysprinten egutegian puntuagarria izango da rally hau eta antoaltzaileek diotenez «punta puntako pilotoak bertan egotea espero dugu» .

Iñigo Iñurrita dabil aurtengoan ere lan horietan eta irurarra garbi du «Ñañarri rallyesprinta txoferren gustoko froga da. Hori diote behintzat parte hartzen dutenek eta hori garbi gelditzen da partehartze zerrenda ikusterakoan, gehienek eta hobenek errepikatzen baitute. Iaz ere, laugarren urtez, Ñañarri Rallysprinta Euskadiko txapelketako rallysprint onenen artean eta estatuko onenetarikoa kontsideratua izan zen gurea». 

Horretaz gain aipagarria da «urtero galdeketa egiten diegu partehartzaileei euren iritzi jasotzeko eta zuzendu beharrekoak edo proposamenak jasotzeko. Hori denontzat interesgarria da eta uskeriak izan arren askotan, ibilbidea hotzeko edo antolakuntza hobetzeko baliagarriak izaten dira». 
Urrun egon arren, dagoeneko dena lotuta dute antoaltztaileek, eguraldia ezik «hori ere garrantzitsua da. Eguraldi eguzkitsuarekin jende gehiago hurbiltzen baita lasterketa ikustera eta horrek suposatzen du sarrera gehiago saltzea». Hala Iñurritak ziur duena da emozio beteriko froga izango dela. «Piloto onenak bertan izango dira, horregatik bakarrik, ikusgarritasuna ziurtatuta dago. Normalean, azken eguna arte itxaron behar da partehartzaileen izenak jakiteko, baina kontuan izanik, aurten ere 6.000 euro banatuko direla pilotoen artean. Hori diru asko da eta beti erakartzen du jende gehiago partehartzea. Gainera ezin dugu ahaztu puntuagarria dela Euskadiko txapelketarako eta gainera beste lasterketetan baino gehiago puntu lor dezazkete». 
Ibilbide berdina 
 
V. Ñañarri Rallysprinta Alegitik Orendaingo bidean hasiko da. Partaideak Orendaindik eta Abaltzisketatik pasatuko dira, eta handik Amezketara jaitsiko dira, helmugaratzeko. Guztira 10 km eta 350 m inguru dituen ibilbidea da, eta txapelketa orokorreko rallysprintik osoena eta interesgarriena da. 
Aurten, berriro ere, «norabidea aldatu egin diogu rallyesprintari. Aitortu behar dugu, iazko rallyaren ondoren egindako hausnarketan, hainbat pilotu eta Federazioaren esanetan, abiadura handiagoa hartzen omen da iazko norabidean. Arrazoi honengatik aldatu dugu zentzua: denontzat seguruena zer den erabaki nahi izan dugu» dio Iñurritak. 
Kontuan izan behar da, rallyesprinta hilaren 21ean izango dela baina apirilaren 14 eta 15an urteroko entrenamentuak izango dira, kontrolatuak eta abiadura normalean, beraz, bi egun hauetan trafikoa gehitu egingo da. Atoi parkea eta parke itxia, Alegiko Bazurka Industralgunean izango da. 
Errepidea arratsaldeko 14:00tan itxiko da eta lasterketa 15:00tan hasiko da eta 20:00ak aldera amaituko da. Legezko kontaketak egin ondoren, sari banaketa Amezketako plazan izango da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario